HURRENGO LIBURUA

IRAKURZALEOK!!! APIRILAREN 18AN, "ERROTIK" LIBURUAZ ARITUKO GARA GOTZON BARANDIARANEKIN. ANIMA ZAITEZTE ETA ETORRI GUREKIN!!
Bannerra
Jarri gurekin harremanetan! admin@irakurzalekluba.com irakurzale_kluba@hotmail.com

Iharduerak

Azken hilean Maiatza 2012 Hurrengo hilean
A A A O O L I
week 18 1 2 3 4 5 6
week 19 7 8 9 10 11 12 13
week 20 14 15 16 17 18 19 20
week 21 21 22 23 24 25 26 27
week 22 28 29 30 31
Iharduerarik ez

Inkestak

E-BOOK ALA BETIKO LIBURUA. ZEIN GAILENDUKO?
 

Konektatuta

Orain 10 bisitari On line
Meatzaldeko Irakurzale Kluba
Gotzon Barandiarani elkarrizketa Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Ostirala, 2012(e)ko apirila(r)en 13-(e)an 00:01etan

EITB.COM-EN ELKARRIZKETA

Gotzon Barandiaran: 'Literaturarekin arima biluztea mozorrotzen duzu'

AMAIA AKORDAGOITIA

2011/09/15

Gotzon Barandiaran larrabetzuarrak Errotik nobela argitaratu berri du. Bihotza eta burua ukitzen diguten gaiei buruz idazten duela dio eta bizi duen testuinguruaren arabera aukeratzen ditu gai horiek.

Zure bizipen propioetatik sortzen al dituzu zure lanak?
Ez ehuneko ehunean. Batzuek badute zerikusia bizipen propioekin, noski, baina beste asko ingurukoei entzuten eta irakurtzen diedanarekin edo beste batzuekin bizi dudanarekin ere nahasten dira. Ahotsa beti izaten da norberarena, baina bizipenak kolektibotik hartzen ditut normalean.

Zein izaten da lan bat sortzeko abiapuntua?
Zerbaitek ezinegona sortzen dizunean, orduan konturatzen zara. Normalean argitaratzeko hautua istorio batek ezinegona eta barruan azkura sortzen dizunean eta burutik kendu ezin duzunean, konbentzitzen eta obsesionatzen zaituenean sortzen da. Nik behintzat orduan aukeratzen dut argitaratzea. Idaztea beste kontu bat da, idatzi egin zenezake ez argitaratzeko ere bai, baina...

Zeintzuk dira azkura sortzen dizuten gai horiek?
Norberak bizi duen testuinguruaren arabera aukeratzen ditu gaiak. Bihotza eta burua ukitzen diguten gaiei buruz idazten dugu. Ni Euskal Herrian bizi naiz, testuinguru sozial eta politiko jakin batean, eta horrekin zerikusia duten gaiei buruz idazten dut. Hor dago maitasuna, ideologia eta askatasuna, justizia eta bizitza ulertzeko modu bat. Minei eta pozei buruz, zoritxarra eta zoriona eragiten dizunari buruz, zure ingurukoek bizitzen dutenari eta zuk egoera horietan hartzen duzun jarrerari buruz... idazten duzu.

Horrelakoetan, eta zure aurreko lanari erreferentzia eginez, ez al duzu "katamaloa" eranzten? Irakurleari zure arima biluztea ez al da hori?
Bai, baina literaturarekin arima biluzte hori disimulatu egiten duzu gehienetan. Normalean, mozorrotu egiten duzu, katamaloa jartzen diezu sentimenduen biluztea horren agerikoa izan ez dadin. Hori da behintzat nik egiten dudana, beste batzuk agerikoagoa egiten dute eta inolako lotsarik gabe biluzten dira, lotsa zentzu onenean, noski. Nik ez, nik niretzako eta maite ditudanentzako gauzak gordetzen ditut.

Zure lehen bi lan osoak olerki bildumak izan ziren eta, oraingoan, duela hilabete gutxi, zure lehen eleberria, Errotik, kaleratu duzu. Inspiratzeko eta idazteko modua moldatu behar izan al duzu?
Ez. Errotik nobelako istorioa aspalditik eduki dut buruan bueltaka, ezinegona, azkura hori sortzen zidan, eta alde horretatik ez dut aldatu Arrakalak edo Katamaloa idazteko izan nituen jarrera eta arrazoiak. Bakoitzean gaia diferentea izan da, baina azkura eta ezinegona berdin-berdin sortu didate hiru liburuek eta nik esango nuke egiteko eran errazagoa egin zaidalaErrotik idaztea poema liburuak idaztea baino.

Errotik nobela Bilboren memoria historikoaren pasarte baten lekukotasuna izan daitekeela irakurri dut. Hori izan zen istorioa sortzean izan zenuen helburua?
Ez, ez, izango da akaso ez dagoelako idatzita gehiegi gertakari historiko horri buruz, baina nire asmoa berez ez zen hori izan, bestela saiakera liburu bat egingo nuen eta ez fikziozko bat. Maitasunak, zorionak eta zoritxarrak bultzatutako istorio bat da, behintzat, nire kasuan. Gertatzen dena da liburuan leku dezente hartzen duela gertakari historiko jakin batek eta alde horretatik bada ere memoria ariketa bat, baina helburua ez zen hori, horrelako gatazka batek, Euskaldunakoak edo beste edozeinek, pertsonengan izan dezakeen eraginari buruzko hipotesi bat egitea baizik.

Euskal Herriko zein txokok inspiratuko lizuke olerki erromantiko bat?
Ez nau bereziki motibatzen leku batek, gehiago motibatzen nau inguratzen nauen jendeak. Ez daukat horrelako leku erromantikorik. Gehiago dauzkat pertsonak.

Durangoko Azokan, Ahotsenea gunearen ardura izan zenuen beste behin. Hitzordu horrek euskal irakurleen eta sortzaileen arteko harremana estutzeko balio al du?
Gure helburua behintzat hori da. Irakurle eta idazleen eta musikarien eta musikazaleen arteko harremana apur bat gehiago sakontzeko, elkar ezagutzeko sortu genuen Ahotsenea. Batez ere, euskarazko literatur eta musika zaleek jakiteko gaur egun zein den euskarazko musikak eta literaturak eskaintzen duena eta uste dugu hori behintzat aurten bete egin dela.

Aurrera begira, proiekturen bat al duzu esku artean?
Orain dela gutxi bukatu dut liburua eta hemendik aurrera ikusiko dugu. Zerbait kontatzeko dudanean, izango dugu, baina nik ez daukat inolako presarik. Istorioak etorri egin behar zaizkizu, bila ere joan behar da, baina nik uste dut inportantea dela arnasa hartzea eta beste batzuek zer idazten duten ere irakurtzea, beste batzuek zer esateko dutena entzutea eta ez idaztea idaztearren.

 
ERROTIK - GOTZON BARANDIARAN Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Osteguna, 2012(e)ko apirila(r)en 12-(e)an 23:44etan

Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) hamaika egitasmo eta ekimenen sustatzailea izan da azken urteotan, bi poema libururen —Arrakalak eta Katamalo— egilea izateaz gain. Bihotz Bakartien Kluba, Literatura Eskola, Literaturia eta Ahotsenea, besteak beste, bere eginahalari esker gauzatu dira, eta, beraz, ezein literatura zalek ezin du lan eskerga horrengatik guztiarengatik esker ona adierazi besterik. Orain estreinako nobela argitaratu du, Errotik; lastima da aipatu egitasmo bikain horien tamaina eman ez izana.

Nobelako pertsonaia nagusiak bi dira, Luis Urresti Euskalduna ontzioletako langilea eta bere alabetako bat, Lorea. Euskaldunaren itxiera eta haren ondorioz egindako mobilizazio eta protesten testuinguruak markatzen du nobela. Kontakizunaren beste ildoa, Luisen minbizia da, Euskaldunako gatazketan hazi eta urte batzuk geroago birsortzen zaion gaixotasuna. Hiru zatitan banatuta, lehenengoan Euskaldunako gatazkaren xehetasunak azaltzen zaizkigu, bigarrenean, Luisen ospitaleko bigarren egonaldia, eta hirugarrenean, Lorearen ikasle-borroka Euskaldunako itxieraren garaian. Hala, nobelan proposatzen den ideia nagusietakoa Luis eta Lorearen borroken lotura da, hots, langile borroka eta ikasle-borroka abertzalearen artekoa. Lotura arazotsua dela agerikoa da, eta ez dut uste nobelan ondo sakontzen denik bien arteko kontraesan, puntu komun eta gorabeheretan.

Bigarren eta hirugarren zatian badaude zantzu interesgarri batzuk, liburua fikziorantz gehiago joaten denean, baina zoritxarrez nobelaren tonu eta hizkera orokorrak estaltzen ditu. Fikzioarekin jolas horretan kokatzen da Barrionuevoren bahiketarena, zeina fikzioaren bidez mendeku (edo justizia, nondik begiratuta) historiko moduko bat erdiesteko saiakera baita. Quentin Tarantinok Inglourious Basterds filmean Hitlerrekin egin zuen antzeko zerbait. Nobelan burua eta bihotza azaltzen dira borrokan etengabe, taktika hotza eta pasio beroa, eta liburuaren irudi ona bihurtzen da azkenean. Bihotza da nagusi.

 
"ERRAUTS" ENEKO AIZPURUA Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Ostirala, 2012(e)ko martxoa(r)en 02-(e)an 21:50etan

Hona hemen irakurzaleok hurrengo liburua iragartzen duen kartela, eta Segura Irratian Itaka literatur saioan Ekaitzek eta Irati Goikoetxeak eginiko elkarrizketa luzea. Aukera polita Eneko Aizpurua apur bat ezagutzeko, lehenengo nobela atera berri duena.

 

Magrebtar gizaseme bat labankadaka hil dute Lazkaon. Abokatu batek hilketa argitzeko eskatu dio Mikel Egileorri. Kazetaria kinka txarrean da, egunkariko lanpostua galtzeko arriskuan. Lan eta diru arazoek eraginda, Egileorrek mandatua onartu eta lanari ekingo dio berehala. Ikerketak ezkutuko interes zikinen, negozio ilunen eta eraildako etorkinen errautsak lurpetik atera eta denen bistan haizatuko ditu ustelkeriaren kiratsa bazter guztietara zabalduz.

Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976) argitaratutako lehen eleberriak Roman Polanskiren film ezagunari egiten dio keinu liburuaren atarian, esaldi hau txertatuz: Forget it, Jake. It´s Chinatown. Erreferentziak, omenaldi fedean jarria izan arren, konparazioaren argia pizten du nobelaren irakurketa amaitzean, bere kaltean. Lanak osagai franko badu, baina ez daude elkar eragiteko behar bezala nahasiak. Lehenengo pertsonan aurkezten zaigu Mikel Egileor kazetaria, erregulazio  espediente bat dela-eta sei hilabeterako egunkaritik kanpo geratu dena. Egun berean tramari hasiera ematen dion gertaera jazo da: Lazkao herriko jaietan erailketa bat jendearen begi bistan.

Kasua argitzeko lanean jarriko duen dei bat jaso du protagonistak. Hortik aurrera, ikerlearenak behar lukete izan Mikel Egileorrenak, baina alderrai dabilen tipo bat aurkezten zaigu, dena eskura iristen zaiona: kontratazioa, informazioa, aztarnak. Tamalez, ez da sinesgarriegi eta protagonistak idazleak nahi zuena lortu duela pentsa daiteke; eleberriak aurrera jarrai zezan behar zena, alegia. Liburuko onena elkarrizketak dira, korapilorik gabe tramari aurrera egiten uzten diotenak. Ataskatuta geratzeko arriskurik ez da. Arintasunak bere alde du hori.

Esan dugu gaiak txertatu txertatzen dituela eta ez gutxi. Nerabe atzerritarrekiko eta etorkinekiko herritarren pertzepzioa da nagusiena. Aurreiritziz eta arrazakeriaz kutsatutako jendartea erakusten du egileak, errugabetasun presuntzioarekin ahaztuta, hedabideek erabili hizkerak xaxatuak. Erantzunik gabeko arazo errenkada atera genezake matazatik: paperik gabeko adingabe etorkinekin zer egin, hezkuntza proiektuak gauzatzearen zailtasunak konprenitu, baliabide eskasien arazoa errekonozitu. Bestalde, Marokoko zerbitzu sekretuak, infiltratuak, proiektu ilegalak eta naturaren aurkako erasoak, euskal enpresarien ustelkeria eta erakunde publikoen funtzionamendu eskasa, besteren artean, ez dira falta. Esan bezala, osagaiak ez dira eskasak. Gaiek badute interesa. Pena da, hortaz, soka mutur solteak bezala hedatzen direla ikustea, beti elkartuko diren esperoan eta inoiz erabat harilkatu gabe. Bestalde, protagonista dezente estereotipoz osatu da eta ondorioetara sinesmenen bitartez iristen da, ikerkuntzak ekarritako aztarnen bidez bainoago.

 

 

Azken eguneratzea hemen: Ostirala, 2012(e)ko martxoa(r)en 02-(e)an 22:20etan
 
ANJEL LERTXUNDI SAUTRELAN Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Osteguna, 2012(e)ko otsaila(r)en 23-(e)an 21:43etan

Hona hemen SAUTRELA saioan Anjel Lertxundiri "Etxeko Hautsa" liburuaz eginiko elkarrizketa. Gozatu eta zoazte berarekin egoten garenerako.

 

 

 
ETXEKO HAUTSA Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteazkena, 2012(e)ko otsaila(r)en 15-(e)an 20:11etan

«Berritu nahi ez duzun tokian zanpatzean, memoriak min ematen du»

Anjel Lertxundik bere belaunaldiaren «erradiografia posible bat» egin du 'Etxeko hautsa' nobelan, zalantza eta galderez josia. Pertsonaia nagusiaren «barruko irakinaldia» kontatzea izan du erronka nagusi egileak.


JUAN LUIS ZABALA DONOSTIA


Bere belaunaldiaren «erradiografia posible bat» osatu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) Etxeko hautsa nobelan (Alberdania), hautu moralen inguruko zalantza eta galderez betea. Nobelako kontalari eta pertsonaia nagusiak hogei urte lehenago egin zuena aitari lehenengoz kontatzea erabaki du: Franco hil aurreko urteetan, adiskide baten eskariari erantzunez, ETAko bi kideri laguntza eman zien, ETAkoak zirela jakinaren gainean, herri batetik bestera eramanez autoan. Aitak ezin dio ulertu esaten diona, oroimena galdua baitu gaitz degeneratibo baten ondorioz, baina semeak kontatzen jarraituko du, eta kontaketak aurrera egin ahala egindako hautu moralen inguruko zalantzak eta galderak sortuko zaizkio, irakurleak ere bere egingo dituenak.  «Artefakto literario bat elaboratu dut, eta orain neronek ere ez dakit nola funtzionatzen duen. Literatura da», esan zuen Anjel Lertxundik atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. «Nire esperientzia eta talaia pertsonalenetik hurbil dagoen nobela bat da Etxeko hautsa, gertakarietan oinarritua. Ez da, ordea, nire autobiografia pertsonala. Esango nuke nire belaunaldiaren erradiografia posible bat dela». Lertxundiren nobelaren gaztelaniazko bertsioa ere kaleratu du Alberdaniak, Los trapos sucios.


Belaunaldi hori «heziketa guztiz estu eta guztiz dogmatiko» batetik zetorrela ekarri zuen gogora. «Gazteak ginen, eta Antonio Tabucchik liburuan jarri dudan aipu batean dioen bezala, tontoak ginen. Baina lortu nahi genuen eta amesten genuen mundua, eta hori lortu nahia, ez zen oker bat. Okerra zen, kasu askotan, eta nire belaunaldiaren kasuan, hartutako bidea. Erresistentzia eta indarra gauza bera balira bezala jokatu genuen, txanpon beraren bi alde bazterrezinak balira bezala. Ordutik hona denbora asko pasatu da, eta pasatako urteetan memoria pisuz handitzen joaten da, hornitzen joaten da eta astundu egiten da. Eta gertatzen da memoriak asko pisatzen duela; eta berritu nahi ez duzun tokian zanpatzen duzunean, memoriak mina ematen duela».





Azken eguneratzea hemen: Asteazkena, 2012(e)ko otsaila(r)en 15-(e)an 20:26etan
 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL
© 2008 irakurzalekluba.com | Joomla 1.5 Templates by vonfio.de